Oiangu publikoa eta bizirik PlataformaArartekoaren  azken txostena

Parke bizi eta publikoaren alde ari gara lanean
Harremanetarako

Helegiteak

Aurkezpena

Oiangu

Proiektua

Plataforma

Español

Agenda

Azken berriak

Prentsa

Goierriko kasta

Esteka interesgarriak

 

 

Hona hemen Oiangu parkearen plano bat

 

Natur balioak             Anfibioak eta haltzadia

 

 

INGEBAk (Andrés de Urdaneta Euskal Geografi Elkargoa) Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin 2000. urtean argitaratu zuen Interes ludiko-naturalistikoa duten Gipuzkoako guneen Gidaren arabera, Udalak Oianguko lursaila eskuratu nahi izatea, ingurune industralizatuaren ondorio kaltegarriak leuntzeko herritarroi aisialdirako hirigunetik gertu dagoen leku bat emateagatik izan zen.

 

 

Baina aisialdirako ingurua izateaz gainera, INGEBAk dio Oianguko parkeak natur balio handia duela bertan haserako basoaren zatiak geratzen baitira, gaur egun, gizakiaren eraginak dakarren aldaketarik gabe aurkitzea hain zaila den hariztia, esaterako.

 

 

Gainera, bertan bada baso mistoa (haltzak, urkiak, basagereziondoak, lizarrak, laharrak, ote zuriak, etab), birpopulatutako mendia (urkiak, haritzak eta Douglas izeia) eta laborantza atlantikoa eta landazabala, hauek batez ere, Oiangu-Txiki baserriaren inguruan.

 

 

Bertan bizi diren animalien artean mehatxupean dauden zenbait espezie aurki ditzakegu, adibidez muxar grisa eta eskulapioaren sugea. Bestelako animalien artean lursagu gorria, urubia, eskinosoa, garrapoa, musker berdea, igel arrunta, uhalde palmatua etab. dauzkagu.

 

Errekastoa eta urmaela parkearen beste ingurune baliotsuak dira. Urmael hau, jatorri artifizialekoa (zabortegia) bada ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneetako Planean sartua izan da, hezeguneak biosferako ekosistemarik aberats, bitxi eta hauskorrenak izanda, zaindu egin behar baitira.

 

 

Oianguk eskaintzen duen paisaia ere ez da gutxiesteko modukoa, bertatik Aizkorri, Aralar eta Murumendi ikusten baitira. Horrez gain, bada ere, interes geologiko handiko puntua den Oriako ibai terraza, duen garrantziagatik babestu beharrekoa.

 

Gainera, Ordiziako Agenda21eko Diagnostikoaren arabera, Oiangu babestu behar den eremutzat hartu behar da, Natur Ondarea eta Paisaiaren Kontserbaziorako Interesgune moduan.

 

 

Balio guzti hauek kontutan hartuta, nola ez diogu ba gure buruari galdetuko nola litekeen Udalak, obrak eta ondorengo lur erabileraren ingurune-eragina kontutan hartzen ez duen proiektua onartu izana?

 

 

Ondoko argazki hauek Ordiziako Udalak bere lehen aldizkarian jarri zituenak dira (golfa eta paintballa)

Oianguko putzua eta haltzadia

Azken hamarkadetan anfibio-populazioen gainbehera nabaria ematen ari da mundu mailan. Badirudi, egin diren ikerketen arabera,  faktore bakar baten ondorio izan beharrean faktore ezberdinen eraginez dela gainbehera hau: erradiazio ultramorearen gorakada, euri azidoa, pestizida eta ongarrien gehiegizko erabilera, gaitzak, autoen zanpaketak eta batez ere habitataren galera edo murrizketa. Gipuzkoan bertan, hainbat lan egiten ari dira Hegoaldeko Zuhaitz Igelaren habitatak berreskuratu asmoz, populazio hauen kontserbazio eta iraupena bermatu ahal izateko.

Anfibioen egoera kezkagarria izanik, ezinbestekoa da hauen ugalketarako guneen kontserbazioan eta ezagutzan sakontzea; batez ere kontuan izanik animalia bereziki sentsibleak direla eta ondorioz habitaten kontserbazio egoeraren eta kalitatearen adierazle onak. Zentzu honetan berebiziko garrantzia dute Oianguko putzuaren edo errekastoaren inguruan garatzen den haltzadiaren moduko habitatek, anfibioen garapenerako baldintza oso aproposak eskaintzen baitituzte. Gune honen garrantziaren adierazle dira Oianguko putzua Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneen Katalogoan barneratuta egotea eta haltzadiak Europar Batasuneko Habitat Arteztarauen prioritatezko habitat modura babestuak egotea.

Hau honela izanik kezkatzekoa da Oiangun golf zelai bat eraikitzeko egitasmoa eta galdera asko sortzen ditu: ze egitasmo burutuko ditu Ordiziako Udalak habitat hauek babesteko? Ze eragin izango luke uraren kalitatean golf zelaian erabilitako gai kimikoek edota egin beharreko azpiegiturek? Eta bertan bizi diren animalia eta landareengan?...

 

Aranzadiko adituekin Oiangura irteera (ikusi argazkiak)

Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek Oianguko putzuaren garrantzia azpimarratu dute, bereziki anfibio-populazioen beharrizanak ezin hobeto betetzen dituelako. Dituen ezaugarriak eta inguruan garatzen den landaredia kontuan izanda beharrezko ikusi dute modu egokian kudeatzea. Kontuan izan behar da ur-sistema hauek eragin handia dutela uraren kalitatean eta aldi berean beren inguruan eman daitezkeen asaldadurekiko oso sentsibleak direla. Hau honela izanik, Aranzadiko ikerlarien aburuz beharrezkoa egiten da bere iraupen eta kontserbazioa arriskuan jar dezaketen ekimenak ekiditea. Bestalde, putzuaren inguruan eta orokorrean Oiangun topa dezakegun landarediaren ezaugarriak ere azaldu dituzte, hainbat puntutan topa daitezkeen landareen inguruko azalpenak ere emanez (haltzadia, hariztia, gorostiak, erratzak, gaztainak…). Zentzu honetan garrantzi berezia eman diote Oiangun topa ditzakegun “zuhaitz-motzei”. Tamaina eta forma oso bereziko zuhaitz hauek garrantzi kultural eta ekologiko handia dute: mendeetan zehar eman den erabilera tradizinalaren emaitza direlako  eta beraiengan hainbat intsektu, ugaztun, hegazti, landare eta abarrek bizitokia aurkitzen baitute. Orokorrean, Aranzadiko ikerlariek Oianguren garrantzi paisajistiko, ekologiko eta historikoa aldarrikatu dute eta beharrezko ikusi dute balio hauen kontserbazioa bermatuko duen kudeaketa ematea Oianguko parkean.

 

Oiangu Publikoa eta Bizirik Plataforma